XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AITA DONOSTIA ERBESTEAN / Lekunberri, 1986-X-24

Euskaltzaindiak Aita Donostiari zor dion omenaldia ospatzera goaz euskaltzain urgazle honen jaiotzako mendeurrenean eta heriotzatik hogeitamar urte betetzen direnean.

Donostiako Jose Antonio zenaren biografiaz saiatukeran, musika ikuspegitik aritu izan dira gehien bat biografoak eta mendeurreneko urtean zehar musikuaren nortasuna baizik ez da aztertu; egia esan, musikegile trebea izan genuen Aita Donostia eta musikaz ikerle eta hizlari fina.

Baina musikegile gisa eman bazituen bere lehen urratsak eta luzeenak, behar bada ez dugu ahaztu behar euskal folkloreari eman ziola bere biziaren zati eder bat, 1916an hasita.

Eta folklorea hots, herri jakituria aztertzerakoan, hizkuntzari, euskarari eman zizkion gau eta egunetako orduak.

Mendirik mendi, baserriz baserri biltzen zituen kantuen testuak, euskarazko hitzak, hain zuzen, izan zituen aztergai.

Horregatik, euskararen alde egindako lanegatik, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen, eta horregatik, orain, gogoramen bat zor dio.

Sarrera hitzaldia 1955.eko Abenduaren 31n bukatu zuen Lekarotzen eta 1956.eko Urtarrilaren 26an, Euskaltzaindiaren hileroko bileran irakurri zuen Donostian (1) .

Jose Gonzalo Zulaika Arregi hau zen bere munduko izena Donostian jaio zen 1886.eko Urtarrilaren 10ean.

Lekarotzeko Kaputxinoen komentuan Batxillergoa bukatu ondoren nobiziagoan sartu zenean aitaren eta jaioterriaren izenekin osatu zuen bere bizi guztirako praile izena: Jose Antonio Donostia.

Esan dezagun hemen, aurrera jo orduko, gerra denboran eta geroago, orduko ahalmen handiko burutxikien erruz, jaioterriko euskarazko izena aldatu egin behar izan zuela eta garai hartako musikalan batzuetan, inprimatuetan noski, Jose Antonio de San Sebastian azaltzen zaigula.

Garai berean, ixilpean ibili behar zuenean, A. Zabala izen ezkutuarekin sinatzen zituen orduko musikalanak.